Enpresa-berrikuntzaren erronka handienetako bat da ideia baliotsuak izatea. Izan ere, ideiak dira berrikuntzaren oinarria. Ideiarik gabe, daukaguna optimizatu edo hobetu genezake, baina inoiz ez berritu. Ondasun erabakigarria da enpresarentzat… urria, aurkitzen eta kontrolatzen zaila… edo ez?
|
Berritzeko aniztasuna artikuluan, aipatu genuen bezalaxe, erakunde baten berrikuntza-gaitasuna pertsonen menpe dago, hein handi batean. Zehazki, norbanakoak arazoei aurre egiteko dituen ezagutzen, trebezien, baloreen eta jarreren menpe. Ukiezinak dira, baina baldintzatu egiten dute errealitatea hautemateko eta jarduteko dugun modua, baita, nola ez, produktu eta zerbitzuen garapena, prozesuetan edo negozio-ereduetan soluzio sortzaileak proposatzeko.
Gauzak horrela, berrikuntza-prozesuan zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu, orduan eta emaitza anitz gehiago lortzeko aukera egongo da. Pertsona batek oztopo bat ikusten duen tokian, beste norbaitek aukera bat ikus dezake; zerbaiten bukaera beste zerbaiten hasiera izan daiteke, eta zenbat buru… hainbat aburu! Profilen aniztasunak berrikuntza disruptiboak ekar ditzaketen ideia baliotsuak sortzea ahalbidetzen du. Are gehiago, aniztasun horretan pertsona sortzaileak daudenean. Hain zuzen, ideia original eta baliotsuak emateko gaitasuna duten pertsonek egiten dute hori, Punseten hitzetan “beren burmuinaren izerdiarekin”.
|